XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

GENOVA ETA SAVONA

Intercity trenak Milango geltokian utzi nau; Genovarakoa puntaraino beteta dago; pasabidean linuzko jantzi dotorez doazen bi mora guaparen ondoan egin dut leku.

Tunelez tunel Apeninoak zeharkatu ondoren heldu gara Liguriako hiriburura.

Geltokian zorroak utzi eta katalanei deitu diet Savonara, arratsaldean halako ordutan geratzeko.

Hiru edo lau ordu ditut Genova ezagutzeko, berrezagutzeko, duela hamabost urte Erromatik bueltan lau estudiante euskaldun hemen gelditu baikinen eta bertan eguna igaro.

Hurakanak bezala astindu zuen apaizgai-ohi eta iraultzaile-berrien erdi inuzentzia Genovako giro lizunak.

Portu alderantz noa; duela hamabost urte bezalaxe dago dena; duela ehun edo bostehun bezalatsu ere bai, agian.

Pré kalea, kaiaren paraleloa, da alde zaharraren ardatza.

Sigarette, sigarette, sigarette... dio, diost hindu itxurako gazte batek tabako rubioa merke eskainiz.

Ezezko keinua ikusi didanean, alboetara begiratu ondoren, marihuana, hachis, porno... diost antsia kutsakor gurakoz.

Jendea kalea betean dabil, presarik gabe.

Arraza eta jazkera guztietakoak, baina gehienak ez dira turistak, barkuetako marinelak baizik.

Kale nagusia ez da hiru metro baino zabalago eta guztia, galtzada zein etxepeak, saltokiz beteta dago: irratiak, erlojuak, larruzko gauzak, arropak, marfila, ebanoa, bitxiak, barazkiak, espezieak, tropikoko fruta eta landare arraroak...